Kaixo irakurle maitagarri hori, zer moduz?
ni animoz eta bizipozez ez nabil oso ongi, baina bizi naiz, neure bidean noa, ez badakit ere nora noan, banoa… oroitzapenek bulkatzen naute eta ametsek tiratzen, hemen eta orain bakarrik, nire amaren etxean, etxera etorri nintzen bake bila eta negarrekin garbitu ditut ene begi tristeak uda hotz honetan. Irribarre egiten dizuet. Irribarre egiten diot seduzitu ninduen irribarre hari duela ia 6 urte, sakoneraino maiteminduz.
Irribarre egiten diot duela sei urte Senperen furgoneta gorrian agertu zen galaiari eta haren printzesari… irribarre egiten dizut zuri, Abbat, abuztuaren 26an agertu baitzinen zure orduko bikotekidearekin gure “maite ditugun olerkarien” egunera, eta hantxe bazkaldu genuen elkarrekin Anttonen Bentan, Zugarramurdin. Lagunarte jator eta atseginean poesia aitzaki, eta urdaiazpikorik hartu nahi ez zenuela erranez nere atentzioa zeureganatu zenuen… belarjalea omen zinen… baina hain goxo zegoen dena orduan eta han, urdaiazpikoa ere bai…!
Nere bihotzak zorionaren arrastoa bilatzen du orain
udaren azkeneko eguzki-errainu hotzetan, orbel bustian,
eta neguan amestutako maitearen besarkada orain
udan.