2010eko abenduaren 2a, osteguna… euskararen egunaren bezperan euskara irakasten lanean nabil atzerrian…

Azken bi urteotako negarrak eta irriak Europaren bihotzean:

euskara eta euskal kultura lau haizetara

Irribarre egiten diot herrarik gabe duela bi urte: mila esker Abbat Santestebani, Txekiara joateko animatzeagatik, ausardia eta aupada hori emateagatik. Ni penaz bakardadean leherturik eta ia etsiturik ihes egin nuen Moraviara. Brnora. Ez nekien non zegoen ere, eta mapan begiratu behar izan nuen duela bi urte Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Jone Agirregoikoa teknikariari baiezkoa eman ondoren.

Begiak bustirik eta gaziturik, orduan bihotz minez erraturik nengoen. Nire bizitzan aire berria behar nuen, eta hori ene bihotzeko lagun poeta Abbatek bazekien. Maitasun inkondizional handi horregatik eman zion aupada ainara honi 2008ko udan, udazkenean hegan egin zezan iparralderantz, hotzerantz, bere barneko epelaren bila.

Mapan begiratu nuen Brno: Txekiar Errepublikaren hego-ekialdeko Moravia lurraldeko hiriburua, Vienatik iparralderantz, Pragatik ekialderantz, Bratislavatik mendebalderantz eta Berlindik nahiz Krakoviatik hegoalderantz.

Oraindik ere begiak ez erabat idorturik eta negar-malko gazi banarekin begi bietan idazten dizuet 2010eko udan, denborak eta espazioak ez baitu deus ere sendatzen, eta iltze batek ez baitu beste iltze bat kentzen. Bi urte hauetan distantzia laburrean nahiz luzean lagun izan zaituztedan guztiak buru-bihotzean, eta batez ere idazle eskolako kide eta lagunak:

“Ortzemuga gorriz tindatu da, ilunaren aurretik gorri arrats limurra, eta beste aldean mendi ertz gorriak eta gero eguzki ondarretik atzera errekak eta goizalde urdinak bizi dira lehendik beti arte!” KARMELE IGARTUA.

“Egidazu toki bat, lagun! Toki batekin batera denbora bat, lagun! Iheskorrenetakoa ez denetarik ahal bada!” TERE IRASTORTZA.

Eta hitz horiekin abiatu nintzen “berdearen esperantza bizkarrean, urdinaren sosegua bihotzean eta gorriaren pasioa sudurrean”… bai, ene lagun, ITZIAR GOMEZ.

Saiatzen ari naiz zorionbidean.

Begiak bustirik eta irribarrea ahoan agurtu nituen Euri txakurra, ama, Iker anaia, izeba Pili, izeba Kontxi, osaba Bitor eta Oihana lagun mina Hondarribiko aireportuan 2008ko irailaren 17an. Lainoen artetik ametsetan hasi nintzen deskubritzera nindoan lurralde ezezaguna irudikatuz eta iragan hurbil mingarria gogoan. Baina, aldi berean, onena opa nion bihotzez Abbati bere bikotekide berriarekin; izan ere, nire bizitzako garairik politena eman baitit, eta bere agur-besarkada beroa nahiz bere azaleko usaina neure gorputzean nuen oraindik. Horregatik guztiagatik, onena zuretzat, Abbat.

Ezin nuen bizi, eta horregatik joan nintzen, Euskal Herriko behin-behineko euskara teknikari lana utzirik. Joan nintzen ahazteko maite nuela, agian.

Pragara arratsaldeko lauretan iritsi nintzen, Bartzelonan eskala eginez. Lehenengo nire oztopoa aurkitu nuen: txekiera. Hizkuntza ez nekien, eta ingelesez moldatu behar izan nuen Pragatik Brnorako autobusa non hartzen ote zen jakiteko. Ni eta eskuko poltsa bakarrik, maletak bi egun geroago iritsi baitziren. Iberia madarikatua!

“Ez zea zertan damutu ber, ni ezta ez naz damutzen. Bidai ona izan! Eskerrikasko denagatik baña ulertu bikote bat dudala, elkarrekin bizi nahi dugula. Besarkada lagun” 18/09, 20:27, ABBAT POETA.

Abiatu nintzen behin
bizitzaren abentura honetan
negar-malkorik gabe
eta isil-isilik.
Abiatu nintzenetik hona
negar batzuk egin ditut, ordea,
eta euri pixka bat ere egin du
goitik behera;
eta lagunak ibili zaizkit
haizea bezala,
oraindik ere
neure inguruan darabilzkit
jirabueltaka…

Milesker, Abbat, ni ere ez naiz damutzen, baina batzuetan galdetu izan diot neure buruari zergatik demontre agertu ote zinen behin duela bost urte Senperen, neure bizitza hankaz gora jarriz! Aldatu ninduzun. Aldatu nauzu.

Lagun minaren mezu hori irakurrita, negarrez, Brnora gaueko hamarretan iritsi nintzen, eta autobus-geltokian itxaron behar izan nion nire hango kontaktuari. Berandu iritsi zen Martina, baina irribarretsu hartu ninduen bere autoan. Nire egoitza berrira eraman ninduen eta gero ez nuen berriro ikusi. Hantxe espainiera-irakurlea ezagutu nuen: Mireya Angulo madrildarra. Lehenengo bi astetan asko lagundu zidan hirira eta unibertsitatera moldatzen. Gero, joan zen eta gure adiskidetasuna gelditu da bihotzaren denboran zintzilik.

Atzerrian bakardadearen zama astuna nabaritu nuen, eta gauero egiten nuen negar. Egunero amets egiten nuen urtebete barru elkarrekin egongo ginela, eta berarekiko nahiz familia eta lagunekiko harremana telefonoz eta internetez mantentzen nuen. Inori ez nion erraten nire bihozmina, nire olerkietan ez bazen.

“I believe there are angels among us, send down to us from somewhere up above, they come to you and me in lightness towers to show us how to live, to teach us how to give, to guide us in the way of love” , ASIER LARTIGUE.


Egunero idazten hasi nintzen egunerokoa interneteko blog batean, paperezkoa baztertu gabe, eta horrela ezagutu nuen gehiago Asier lagun maitea, ene bihotzeko laguna. Pixkanaka maiteminduz joan nintzen bere bloga irakurriz, berak neurea irakurtzen zuen neurri berean. Milesker aunitz, Asier, atzerriko bakardadearen zama hura arintzeagatik!

Iritsi eta biharamunean berean joan nintzen Masarykova unibertsitatera, eta letren fakultatean sartu nintzen: Filozofická Fakulta. Nire bulegoa, euskarazko irakurlegoaren bulegoa, ezagutu nuen, Petr Kylousek irribarretsuaren eta Departamendu Erromanikoko buruaren eskutik. Harekin frantsesez moldatu behar izan nuen, frantses filologiako irakaslea baita. Hark aurkeztu zizkidan gainerako fakultateko kide batzuk: Pavlina Svandova lankide eta lagun mina, David Utrera katalan lektorea eta lankidea, Lubomir Bartos doktorea eta bulegokidea, Daniel Vazquez espainiar filologiako irakaslea, Beatrice Vicaire frantses filologiako irakaslea, Dagmar Holoubkova idazkaria…

Joan nintzen itzultzeko, jakin gabe itzultzerakoan zer eta nor aurkituko nituen nire zain. Ez nekien zer sentitzen nuen maite nuen guztia atzean uzterakoan, baina nire bihotzean zehar zihoan dena. Ez nekien zer nahi nuen, hark utzi zidan oroitzapen horretan, eta leku berri batean nengoen. Neure ametsetako bat bete nuen bederen, Praga ezagutu nuen, eta Viena ere bai. Europaren bihotzean nengoen nire bidean.

Lektorsky Dum-ean bizi nintzen Brnon, hizkuntza desberdinetako unibertsitate-irakasleen edo irakurleen etxean alegia. Etxe bitxia inondik ere, baina hiri berrira egokitzen lagundu zidaten lagun eta irribarre abegitsuak: Belgikako Laura, Esloveniako Laura, Dresdeneko Katrin lagun ona, Poloniako Monika, Ingalaterrako Matthew, Danimarkako Klaus, Mazedoniako Ljupco, Italiako Francesca lagun mina eta bertze horrenbertze. Baina batez ere etxe bitxi hartako harreragile edadetu moraviar jatorrak, Fucik jaunak, inork baino hobeki hartu ninduen eta txekieraz bakarrik jakinik hitzez elkar asko ulertzen ez bagenuen ere, elkar aditzen genuen.

Unibertsitatean, berriz, ikasleak ni bezain lotsatiak, baina jatorrak. Interes handia agertzen zuten euskararekiko. Moraviarrak dira, eta filologia ikasleak, eta beste hizkuntza batzuetan ongi moldatzen direnak. Hasiberrientzako euskara-maila irakatsi dut bertan, baita euskal kultura, euskal literatura eta euskal zinema ere.

Brnoko nahiz Olomouceko unibertsitatean irakatsi dut bi urte hauetan, eta ezin aipatu gabe utzi Olomouc-eko Eduard Krc irakaslea. Pragako nire lagun eta euskaltzaleak aipatuko ditut segidan, Tomas Buchtele besteak beste. Euskal kultura lau haizetara zabaltzen lagundu didaten lagunak aunitz izan dira, horien artean Ostravako Petr Polak. Harekin joan nintzen Prahako EXPOLINGUA azokara 2008ko azaroan.

Prahatik olerkiak idazten dizkizut

neure bihotza zurekin dago.

Brnotik poezia idazten dizudanean

zurekin nagoela iruditzen zait.

Egunez Moraviako eki zuriak itsutzen dit

gauez ametsetan zure aurpegia marraz dezadan.

Gauez Bohemiako kandela argiek begiak zabaltzen dizkidate

egunez karrika hezeetan zurekin eskutik heldurik ibil nadin.

Prahatik Brnora eta noranahira doaz hitzok zuretzat

mundu hau mugagabea baita,

Neure sentimenduek oztopo guztiak gainditzen dituzte

maitasun mugagabe honetaz gozatzeko. Bizitzeko.

Ameslaria izateaz gain, olerkaria naizenez, nire olerkien errezitaldiak ere eskaini dizkiet txekiarrei, txekierazko itzulpenekin.

Zenbait hizlari gonbidatu ditut  Euskal Herritik euskal literaturaz hitz egin dezaten: Jon Kortazar bere emaztearekin 2009ko udaberrian, eta Laura Mintegi eta Iñaki Zubeldia 2010eko udaberrian. Tomas Buchtele txekiarrak euskal kulturari buruzko hitzaldi bat eman zuen pasa den 2010eko maiatzean Brnoko unibertsitatean.

Bi urte hauen ondoren, hainbeste PERTSONA ditut ene bihotzean, ezen ezin denak aipatu hemen! Baina bereziki aipatuko ditut Martina Zapletalova, Frantisek Brezina, Silvia Sustekova, Dominika Poznikova, Iva Klizova, Jiri Pesek, Marie Richterova.

Muxu zaparrada guztioi eta milesker nire bidea lorez apaintzeagatik eta beste zenbaitetan arantzek egindako harramaskak goxatzeagatik.

Eta hirugarren urte honetan irakasten segitzen dut euskara eta euskal kultura neure ikuspegi poetikoaz Brnon, Olomoucen eta Pragan: Brnon 34 ikasle ditut guztira, eta Olomoucen 38.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s