2010eko hazilaren 27a, larunbata… Gabonak hurbiltzen ari dira, jantzi zuriz, eta bakoitzari berea, zuei Gabonetako ipuin bat

HURRADUN KATTALIN ETA KATTALIN EDERRA

Behin batean bazen errege-erregin bikote bat, eta bakoitzak bere aldetik alaba bat zuen: Kattalin bana zuten. Bi Kattalinek aunitz maite zuten elkar, baina erregearen Kattalin erreginarena baino aunitzez ederragoa zen, eta erreginak jelosia sentitzen zuen bere alabaordearen edertasunarekiko,  eta edertasun horrekin behin betiko bukatu nahi zuen.  Hori zela eta, erreginak sorgina zen oilategiko emakumearengana joatea erabaki zuen:

– Bidali iezadazue hona goiz batean dama xarmangarri hori- esan zuen oilategiko emakumeak- eta bere edertasuna hutsean utziko dut.

Horrela, goiz batean, erreginak Kattalin ederra, erregearen alaba, saski batekin igorri zuen, gosaltzeko arrautzen bila. Kattalin bidean gosetu zen, eta sukaldetik pasatzerakoan ogi kozkor bat hartu zuen eta hori janez abiatu zen oilategira. Hara iristerakoan, oilategiko andreari arrautzak eskatu zizkion:

– Sar zaitez eta altxa eltzearen estalkia, nik arrautzak biltzen ditudan bitartean -esan zuen emakumeak. Kattalin ederrak estalkia altxa zuenean lurrun handia goratu zen, baina ez zitzaion ezer gertatu:

– Itzul zaitez etxera eta esan zure amari despentsako atea hobeki ixteko.

Biharamunean erreginak Kattalin ederrari lagundu zion jauregiko ateraino, baina oilategiko atakarantz zihoalarik, Kattalin segalari batzuekin hizketan gelditu zen, eta hauek arto-morkots zenbait eman zioten; Kattalinek bidean jan zituen, eta oilategiko emakumeak esan zion:

– Esaiozu zure amari eltzeak ez duela irakinen sutan jarri ezean!

Eta horrela, berriro ere Kattalin ederra onik itzuli zen etxera.

Hirugarren egunean erregina Kattalin ederrarekin joan zen oilategiko atakaraino, eta eltzearen estalkia altxatu zuelarik, ardi-buru bat atera zen bertatik, eta soingainean jarri zitzaion, bere buru polita babesteko.

Erregina liluraturik gelditu zen, eta bere alaba Kattalin oso haserre. Bere ahizparen burua lihozko zapi batekin bildu zuen, eskutik hartu zion, eta elkarrekin jauregitik kanpora atera ziren zori bila.  Egunetan ibili ziren aldameneko erreinura iritsi ziren arte.

Erreginaren alaba jauregian aurkeztu zen eta sukaldeko neskato gisa hasi zen lanean, eta bere ahizpa Kattalin oso gaixo zegoelako, sabaian harentzako toki bat eskatu zuen. Erregearen seme zaharrena oso gaixo zegoen, eta inork ez zekien zer gertatzen zitzaion. Gauez oheburuan hura zaintzen zuen oro misteriotsuki desagertzen zen, eta erreginaren alaba Kattalin, hori jakin zuenean printzea zaintzearen ardura bere gain hartzea eskatu zuen, zilarrezko txanpon batzuen truke.

Gauerdira arte dena lasai zegoen, baina orduan printzea jaiki zen eta harriturik jantzi zen, eta bere zaldira igo. Kattalinek segitu zion, eta zaldira igotzea lortu zuen, printzearen atzean. Hurritz aunitz zeuden baso batetik trostan joan ziren, eta Kattalinek bidean hurrak bildu zituen. Laster ipuinetako mendixka liluragarri batera iritsi ziren, eta printzeak esan zuen:

– Utzi sartzen, arren, printzea naiz bere zaldiarekin eta zakurrarekin.

Eta hurradun Kattalinek gaineratu:

– Eta utzi sartzen berekin datorren arrebari.

Orduan, mendixkaren maldan ate bat ireki zen, eta bertan sartu ziren. Kattalin ate atzean gorde zen, eta printzea sartu egin zen, eta erabat leher eginik gelditu arte dantzan aritu zen. Eguna urratzen hasi zelarik, berriro ere bere zaldian igo zen, eta atzean Kattalin.

Hurrengo gauean Kattalinek berriro ere printzea zaintzeko ardura hartu nahi izan zuen, urrezko txanpon batzuen truke, eta aurreko gauean bezala segitu zion printzeari. Gau hartan ipuinetako haur liluragarri bat zegoen jolasean dantzarien artean zilarrezko makilatxo baten gainean. Dantzarietako batek esan zion:

– Kontuz makilatxo horrekin! izan ere makilatxo horrekin Kattalin Ederrari burua ukituz gero, haren buru ederra itzuliko baitzaio, ardi-burua desagerraraziz.

Hurradun Kattalinek hori entzun zuelarik, bildutako hurrak banan-banan botatzen hasi zen, atearen atzetik, haur liluragarri hark makilatxoa utzi zuen arte, hurrak biltzearren. Orduan, makilatxoa hartu zuen Kattalinek, eta berarekin eraman zuen jauregira printzearekin batera. Eguna argitu zelarik, lasterka sabaira joan zen eta Kattalin Ederraren burua ukitu zuen makilatxoarekin, eta neskak berriro ere bere aurreko itxura hartu zuen, inoiz baino ederrago.

Hirugarren gauean ere Kattalinek printzea zaindu zuen, baina oraingo honetan printzearekin ezkontzea eskatu zuen. Printzeari segitu zion, eta oraingoan haur liluragarria hildako txori batekin jolasean ari zen:

– Begira ongi -esan zion dantzarietako batek- eta ez galdu txori hau; izan ere txori horretatik pittin bat eta printzea berriro ere lehenera itzuliko baita.

Kattalinek hori entzun zuelarik, aurreko gauean baino bizkorrago bota zituen hurrak, eta orduan haur liluragarriak txoria lurrean utzi zuen hurrak biltzeko. Hildako txoria hartu eta jauregira iritsi bezain laster, Kattalinek txoritxoa lumatu zuen eta sutan jarri zuen erretzen. Usaina nabaritu orduko, printzea ohean eseri zen eta esan zuen:

– Txoritxo hori jango nuke.

Lehenengo mokadutxoa irentsi eta berehala, beti bezain ongi eta osasuntsu zegoen, eta Hurradun Kattalinekin ezkondu zen. Printzearen anaia, berriz, Kattalin Ederrarekin.

Hala bazan ala ez bazan, eperrak jan ala ez, zorion-uneekin ala gabe, sar dadila kalabazan eta atera dadila herriko plazan!

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s