2010eko urriaren 25a, astelehena… urriko azken astelehena

Gernika gogoan, aste hondarreko nire azken odol tanta isuri dut… ez dut zure berririk, ez dut bihotzeko lagunen berririk, baina espero dut ongi egotea. Ostegunean Moraviako poeta zenbait ezagutu nituen, eta nire presentziarekin baten bat baino gehiagoren aurpegiak argitu nituela esan zidaten! pozgarria da horrelako zerbait entzutea, ala?

– Nolatan zu bezalako emakume gazte polit bat oraindik ezkongai?

hori erran zidan poesia-errezitaldi hartara bertaratutako batek eta nik ez nekien zer erantzun. Irribarre bat egin nion soilik. Nik al dakit ba? gainerako emakumeak ni baino bizkorrago ibili dira, eta inteligenteago jokatu dute, ni, berriz, barakuiluaren antzera beti berandu, eta berandu bada ere, maitasunezko eskutitzak idazten dituena, bihotzeko lagunei.

Irunen, 2010eko buruilaren 29a

Kaixo, aa jaun maitea, zer moduz zaude?

ni anaiaren ezkontzaren bestondoarekin, olerki hunkigarri bat irakurri ondoren ezkonberriei (bidali dizut jada eskutitz hau zure gurasoen etxera). Oroitzen nola erran zenidan zure lehengusuaren ezkontzara bakarrik joan zinela eta ez zenuela joan nahi? nik ere nere anaia bakarraren ezkontzara ez nuen bikotekiderik, ene maiterik gabe joan nahi, baina joan nintzen, zu gabe. Goizean zeruak negar egin zuen pixka bat eta ene begietatik euri pixkat egin ere bai, baina besteon zoriona eta irribarrea imaginatu nuen eta zeru urdina atera zen eguerdian Hendaian. Nere zoriona maite zaituztedan guztiok zoriontsu izatea da, baina aurten ez da urte ona izan ene familiarentzat (amatxi eta izeba kontxi hil dira, eta izeba bat oraintxe bertan ospitalean dago…).

Zuk ni “abandonatzeak” min handia egin zidan… zein egoista den maitasuna edo bikote-bizitza, ala? beste neska bat zuk hautatzeak tristetu ninduen aunitz, ni zuri leial izan nintzaizulako Senperen elkar ezagutu genuenetik. Badakit laguntasuna soilik eskaini zenidala, eta ESKERTZEN DIZUT. Zenbait unetan esan edo iradoki bazenidan ere nire bikotekide izan nahi zenuela, eta aurretik ezagutu bagenuen elkar, beste harreman bat izanen genuela. Baina elkar ezagutu genuenean neska harekin zinen eta gero beste batzuekin, eta ni zurekin bakarrik, eta gure adiskidetasun inkondizional horri nik dena, GEHIEGI, eman nion. Zuk asko eman zenidan, baina nik gehiegi zuri eta hustu nintzen. Orain hutsik bete beharra dut. Bakarrik eta maitemindurik egotea oso gogorra da, maitemintzea ez da polita, ez nere kasuan bederen(txistu lagunkoi batek esan zidan arren zorionekoa nik maite nuen mutila… zorionak hari bada! zorionak zuri…) . Oso gogorra izan da anaiaren ezkontzan bakarrik eta maitemindurik egotea, baina eskerrak lehengusu parrandazaleak eta animosoak ditudan eta animatu ninduten. Oso ongi pasa genuen Hendaiako Abbadie eremuan, gure eremu adiskidetsuan, eta jan-edanean, kantuan eta dantzan.

Eskerrak familiari, berreskuratuko al dut maitemindu aurreko nire bizipoza eta irribarrea? duela bost urte jada… oroitzen? batzutan damu izan dut zu Senperen agertu izanaz eta zu ezagutzeaz. Bizitza hankaz gora jarri zenidan!

Baina ez… ez naiz damu. Zurekin bizitakoa beti eramango dut bihotzean, eta horrek biziaraziko nau hil arte. Gure arteko harremanak iraun du zutik, gu gabe ere.

Gustatuko litzaidake noizbait zurekin eta kuadrillan Indiara joatea, edo Granadako komunitate hippi horretara… bakarrik seguraski ez naizela joango… baina auskalo 2011n!

Uda osoa zure deiaren zain egon naiz, zure bikotekide berria ezagutzeko, besteak beste. Baina zure mugikorra geldi eta mutu egon zait, eta bitartean bizi! duela ia zortzi urte aita zenak utzi ninduela, eta aurtengo abuztuan bere errautsak aireratu ditugu Gorramendi kaskoan eta zu ere nire bihotzean GORA GU TA GUTARRAK! oihukatu genuen.

Irailaren 18an Senperen poesia-errezitaldia egin genuen Karmele Igartua poeta eta lagunaren omenez eta zu ere han zeunden. ESKERRIK ASKO. Postalak igorri dizkizut zuri eta zure familiari Hendaiatik eta Erromatik. Eta Euri ere zutaz aunitz oroitzen da… gure mendi ibilaldiez…

Ni, berriz, hirugarren urtez Moravian, Brnon… ez dago birik, hiru gabe! Irunen ezin baitut, Euskal Herrian ezin baitut bizi maiteminez, nire maiterik gabe (ba al dakizu nor den?lehentxeago aipatu dizut) eta distantzia fisikoan hobe eramaten da maitemina, pixkat hobe… osasunez makal xamar nabil: hortzetako arazoak direla eta ez direla, gainera bihotzeko zauriak ez dira sendatzen… denborak ez du dena sendatzen! ala?

Zure bizitzarekin segi baino lehen, eskutitz hau irakur zenezan nahi nuen. BIHOTZETIK BIHOTZERA. Eta panpinezko txakur hau ematen dizut bere bikotekidearekin jar dezazun, oroitzen zer esan zenidan? ojala urtebete barru elkarrekin bagaude…

Nire bizitzarekin segi behar dut, zu ezagutu aurretik bezala, edo hasi behar dut berriro bizitzen, bizipozez gauza zaharrak eta iragana atzean utziz, eta amets berriak eginez.

Banoa, ene aa… diskide…

itzultzeko

zu segi zure bidean

ni neurean noa

noizbait elkartu ginen bezala

noizbait banandu ginen

beharbada

noizbait berriro elkartzeko?

nork daki!

Ez naiz, ez, ezertaz damu

nik ere inkondizionalki maite zaitut…

IZAN ZORIONTSU

zure Ainara

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s