2010eko buruilaren 24a, ostirala… UDA IRAILEAN

Bihotz triste bat zintzo

LAUGARRENAK LAU Gabriel Korta Autoedizioa, 2010
li39
pc

Inork ez zigun esan bizitzea erraza zenik, baina pena merezi du. Hori esan dit funtsean Gabriel Korta poetak.
Mundua hobetzeko ahaleginetan
bihotza samurtu egin dit poeta sufrituak bere bizipenekin. Bizitza
xamurragoa egiten saiatzen naiz egunero, eta irribarre egin diot poeta
urdin horri. Lau zatitan irakurri ditut poetaren sentimenduak, eta
bihotz txiki zintzo horretako zenbait pertsonari zuzendu dizkio bere
hitzak. Bihotzak triste dirau, baina bere testigantza eta sentipen
zintzoa adierazi nahi izan digu.
Lehenbizi, isilean esan dit maite
duela Hondarribiko uraren zurrumurrua, eta nik bihotzez malenkoniatsu
oroitu dut norbaitek noizbait lapurtu zidala lore eder bat bihotzetik bi
ur artean, Hendaia eta Hondarribia artean. Eta gero nolako mina
alferrik! Isilpean daramat nik ere geroztik itxaropena bihotzean
txistuka, eta irribarre bortxatu bat ahoan adioka. Beharbada poetaren
nahigabeek tristatu naute, eta zenbait olerkirekin negar egin dut, baina
bere nahigabeak neureak dira, nireak bereak, baita munduarenak ere, eta
munduaren nahigabe guztiak poetarenak. Suizidatzea bizitzen segitzea
bezain erabaki duina dela uste dut, baina joango dira zaharrak eta
berriak etorri, eta tristurarekin nahiz pozurarekin plistiplasta
bizituko gara.
Bigarrenik, bihotzetik kanpora eta
zorrotik paperera poesiaren hegalez astindu dit kontzientzia. Hitzez
biluztu nau hondoa jo arte. Okaranen gisa kolpatu naute, eta txorien
txistuaz goxatu zauriak.
Hirugarrenik, harri hautsiak
erakutsi dizkit, hitzen ikaratik gelditutako esentzia, eta poetoi mintzo
zaigu Gabriel. Poema amaigabe bat eskaini dit kontsolamendu gisa; izan
ere, maitasunak ez du hasierarik ez bukaerarik. Maitasunak haize
urdinaren pozaz betetzen gaitu, eta gero hustu egiten gara; eta horrela
etenik gabe betetzen eta husten gara. Maitaleok ezezagutzen dugu
bizitza, maitasuna soilik bizi dugulako, eta orduan, oroitu naiz
irailean aurkitu nuela behin nire maitale urdinarengan abuztuak ukatu
zidana. Poetak oroitarazi dit badaudela maitatokiak edonon. Eskerrik
asko, Gabriel, hitzezko maitasunaren goxoarengatik, ferekengatik eta
muxuengatik. Zenbat udaberri esnatuko ote dira aurtengo bihotzetan?
Uda irailean sartu zait aurten,
nire bihotzera behintzat, leiho honetatik. Bakarrik irakurri dut poema
laburren multzo hau, eta bihotza aingurarik gabe, galduko ote naiz gau
ilunaren hondora? Espero dut haizea alde izatea, eta orduan bihotz
bakarti honek txistu egingo du Oiartzunera. Poetaren bihotz bakartiaren
babestoki eroetxea dela esan dit zoro, poetaren negu luzeko
itxaropenaren txalupa noiz edo noiz infernuetarantz bideratu baitzen,
baina poetaren udaberri labur zorionekoak jakiten du ere paradisurantz
joaten. Neguko elurrean atseden harturik, hitz hautsi kontzientziadun
urdin horiek atera zaizkio Gabrieli, eta euria isilik arimaren kristal
honetan hiltzen zait niri.
Eta poema bat bestearen atzetik,
laugarren eta azken zatira eroen gisa iritsi gara; azkenik maitasuna:
bizitza gogorra, baina ederra dela esan dit poeta kontzientziadunak. Uda
irailean, azkenean sortuko baitira bikote berriak udazkenean, gero
ekainean berriro handia izateko enaron zoriona. Ni ere ohartu naiz
hipersentibera eta bakartia naizela, ezkerraldean dudalako bihotza. Ez
dakit zer den poesia, baina poesia hau da: norbere hondarrak uztea
nonbaiten, nola edo hala.

Ainara Maia

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s