2010eko agorrilaren 27a, ostirala… irailerako ipuin itxaropentsu bat

Duela bost urte ezagutu nuen Abbat, eta ez dakit zergatik… batzutan damutu izan naiz bera ezagutu izana, zoriontsu nintzen bera ezagutu aurretik, baina Asier maiteak behin erran zidan bezala, gauza guztiak gertatzen dira arrazoi bategatik… eta gaztelaniatik euskarara itzuli nuen eleberriaren hasierako esaldiarekin ados nago: "Gertatzen den guztiak arraazoi bat du".
Ez dakit blog honetan idazten segituko ote dudan, inork irakurtzen ez badu… zuk, Asier, ematen zenion eguneroko honi zentzua, nire bizitzari zentzua… zure hitzek min eman didate, min sakona bihotzean…

ZAKARIAS, GOIKO LURRETAKO GNOMOA

Baziren egun batzuk euria ari zuela txir-txir-txir gelditu gabe, eta ez zirudien geldituko zenik. Haizea gogor zebilen gazteluaren leihateen aurka, eta muino hartatik Invergordon hiri osoa ikus zitekeen.
Herrialde hartako jauna Sir Duncan McClow zen, eta une hartan leihotik xirimiriari begira zegoen; pipa erretzen ari zen, eta leun laztantzen zuen bere txakur leialaren burua:
– Angus lagun maitea, badirudi aurten ere negu gogorra datorkigula -begirada galdu batez erantzun zion lagun zaharrak.
Sir Duncan 50 bat urteko noble bat zen, bizar luzea eta ongi zaindua, McClowtarren oinordeko, eta zuela urte batzuetatik Invergordoneko jaun bakar. Ez zen inoiz ezkondu, eta urte batzuk bakarrik bizi zen, bere neskame eta morroi taldearekin eta bere txakur leialarekin.

Bere egunak oso arruntak ziren, eta gogoko zuen sutondoan liburu bat irakurtzea, leihotik begira egotea edo familia-afera anitzek ematen zioten txanponak kontatzea.

Angus bere lagun bakar ia, Duncan pertsona mikatz eta xuhur bilakatu zen, gaztetan aktibo eta eskuzabal izan arren. Edozein motako harremana eten zuen eta pixkanaka handinahikeria eta paranoia jabetu zen pertsonaz. Fidakaitza zen eta denen beldur, eta neskame-morroiek errespetua zioten, inolako maitasunik gabe. Invergordoneko jendeak ere ez zuen maite, eta gaztelutik urrun zeuden; ez zuten hura gaitzesteko motiborik, baina ez zuten traturik izan nahi ere.



Sir Duncan leihatearen aurrean segitzen zuen. Bat-batean atertu egin zuen:
– Eskoziako eguraldi eroa!
eta orduan, bailaran lainotzar bat sartu zen, eta muinotik hasi eta gazteluko lorategietaraino. Gaztelua lainoen artean gelditu zen eta hiritik ez zen ikusten. Isolaturik gelditu zen mundutik.

Hotzak harturik, Sir Duncan leihatetik aldentzear zegoen sutondora hurbiltzeko, baina bat-batean lorategiaren bazter batean zerbait ikusi zuela iruditu zitzaion, zuhaitzen artetik bizkortasunez mugitzen zen silueta bat-edo.
Begiak igurtzi zituen hobeki ikusteko, eta bere jabetzan norbait zebilela ohartu zenean haserretu zen.
– Madarikatua! merezi duzuna jasoko duzu berehala!
oihukatuz  eta energiaz beterik gaztelutik atera zen, eta haserre bizian lorategian zegoen ezezaguna harrapatzeko prest. Itzala ikusi zuen toki berera iritsi zen, baina arrotza abila zen eta zuhaitzen artean gordetzen zen. Bere lorategia oso ongi ezagutzen zuen, baina arrotz hark ihes egiten zion beti. Azkenerako harriturik gelditu zen itzal hura desagertu zela oharturik. Duncanek mila itzuli eman zituen, baina ez zuen inor aurkitu.
– Non zaude? aurkituko zaitut! atera zaitez zauden tokitik!
oihukatzen zuen, baina ez zen inor agertzen.

Duncanek gazteluan sartzea erabaki zuen, baina asko urrundu zela ohartu zen, eta jadanik ez zuen leihoetako argirik ikusten. Lainoak inguratu zuen erabat eta ez zekien nora jo. Noraezean ibili zen gau hotzean, eta nekaturik zuhaitz baten azpira erori zen.

Biharamunean txorien erresinolak iratzarri zuen, eta eguzkia goi-goian dirdir egiten zuen. Buruko min handia zuen, baina hala ere segituan ohartu zen zerbait ez zegoela ongi: bere inguruan jendearen buila handia sumatzen zuen. Poliki-poliki jaiki zen.
Une horretan berean erabat harriturik gelditu zen: bere aurrean ez esku bat baino altuagoko gixon bat zegoen, kono formako kolore gorridun txano bat, pañozko txaketa nano bat eta hala larruzko botatxoekin… ia lurreraino iristen zitzaion bizar luze bat.
Bere atzean, eta gixonaren inguruan, bere espezie bereko izakiak norabide guztietan, hara eta hona, gelditu gabe.
Sir Duncanek ezin zuen sinetsi ikusten zuena: gnomoen herrixka baten erdian zegoen! txikitandik basoko herriei buruzko ipuin asko entzun zituen, eta burua mitoz eta elezaharrez bete zioten, baina hala ere berak ez zuen ezer sinetsi eta zorotzat hartzen zituen kontakatilu horiek guztiak; eta orain bere buruari galdetzen zion bera ote zen zoroa zegoena!
Ahozabalik gelditu zen zenbait segundotan, mugitu gabe:
– Ez izan beldurrik…ni Zakarias naiz, eta Goiko Lurretako gnomo bat naiz.
– Beldur ni? ni ez naiz beldur… badakit ongi nor zaren, baina zer egiten dut nik hemen?
– Gaur goizean jaikitzerakoan hemendik hurbil aurkitu zaitugu: sukarra zenuen eta herrira ekartzea pentsatu dugu zu sendatzeko, zuk atseden har zenezan indarrak berreskuratzeko. Ez molestatzea espero dut…
– Ez noski ezetz, milesker…
– Badakit zertan pentsatzen ari zaren… askotan jendeak ez du sinesten ikusi arte, eta askok uste du herri kantariren baten fantasiaren eta gehiegizko whisky edalontzi baten arteko nahasketaren ondorio garela, baina bagara benetan!
Duncanek baietz egiten zuen, baina ez zituen jada Zakariasen hitzik entzuten… harriturik zeukan inguruko ikusmirak, eta herrixkako xehetasun guztietan jartzen zuen arreta: zuhaitzetako enborretan eraikitako etxeak, etxeak, dendak, eskola, haur-parkeak lotzen dituen ureztatze-sistema konplexua…
– Ez ezazu hitz egin, oraindik nekatuegi zaude-eta… etzan eta atseden hartu. Eta ez kezkatu, gure herrixkan nahi adina denbora gera zaitezke, eta nahi duzunean joan ere…

Duncan ezezagun batekiko arreta horrek guztiak harritzen zuen, eta ez zekien zer erantzun, baina hain ernegaturik sentitzen zen horrelako esperientzia bitxiarengatik, ezen ezin izan zuen laguntza hari ezetzik esan. Horrela, Zakariasen proposamena onartu zuen, eta etzan egin zen atseden hartzeko.

Hasiera batean atseden hartzeko egonaldi laburra izan behar bazuen ere, aurreikusitakoa baino gehiago iraun zuen: orduak egun bilakatu ziren, egunak asteak eta asteak hilabeteak. Denbora igarotzen zen eta Duncanek Invergordon herrian pentsatzen zuen, baina egiatan ez zuen bere etxea faltan botatzen: oso gustura zegoen basoko gnomo alaiekin hizketan, beren ohiturak aztertzen eta beren bizimoduarengatik galdezka.
Baina, hala ere, oroitzapenak zetozkion burura, urrutiko garaietako irudiak… oraindik ere Invergordoneko karriketan irribarreak ikusten zirenekoa. Garai hartan gazte zoriontsua eta animosoa zen, eta orduan inoiz ez zuen imaginatuko zein pertsona zeken bilakatu zen gero.
– Ezkiura pixka bat nahi duzu?
– Bai, mesedez.
– Ez ezazula uste, Duncan… ez gara beti armonian bizi izan herrixkan… urte askoan, gehiegitan, gerran egon gara basoko gainerako herriekin, lurrak eta ondasunak konkistatzeko: enbidia eta botere-goseak itsutzen gintuen, eta erabat gelditu genuen maitasuna eta bakea. Gerra horrek ia erabateko suntsiketara eraman gintuen, eta lagun asko galdu ondoren soilik ulertu genuen egiten ari ginenak ez zuela inongo zentzurik, basoa denona baitzen eta denok elkarrekin bizi gintezkeen, elkarlanean, armonian.

Zakariasen hitzak hondoraino sartu zitzaizkion Duncani: azkenean ikusten hasi zen alferrik galdutako urte guztiak. Bide iluna aukeratu zuen ondasunak eta dirua pilatuz, eta pixkanaka besteengandik aldendu zen. Bat-batean ohartu zen zein bakarrik zegoen, lagunik gabe ezta inoren maitasunik gabe ere.
Denbora gehiago pasatu zen, eta Duncan gero eta zoriontsuago sentitzen zen. Gnomoen artean jadanik gogoan ez zuen bere antzinako izpiritua aurkitu zuen, nekeak eta arrenkurak lurperatua eta ahaztua zuena urteetan.
Jende haiengan gehien harritzen zuena jarrera zen: denek laguntzen zioten elkarri denon onerako, eta inoiz ez zen aurpegi tristerik ikusten karriketan. Denek egiten zuten irribarre, besteari laguntzeagatik pozik. Elkarlan gogo horrek ere Duncan hartu zuen, eta Duncani asko gustatzen zitzaion gnomoen lan gogorretan laguntzea: herrixkako errespetua eta maitasuna irabazi zituen, eta era berean bere burua gaztetu zela ohartu zen, ez bakarrik animoz, baizik eta gorputzez ere: bizitasun eta alaitasun hori haiekin elkarbanatzeak ongi sentiarazten zuen.
Zakariasek egunero ikusten zuen Duncan: aldaketa nabaria zen eta pozten zen. Handik aurrera beste pertsona bat zuen aurrean, berritua eta desberdina, gorrototik eta negatibotasunetik salbu. Helburua lortu zuen, eta euren bideak banantzeko unea heldu zen.

Eguzki-errainuak leihoko gortinen artetik sartzen ziren, eta leun pausatzen ziren ohean etzanda zegoen Duncanen bisaian. Begiak irekitzerakoan, erdi lokarturik, bere gazteluan zegoela ohartu zen.
– Amets bat… dena amets bat izan da! ergel halakoa ni! nolatan sinetsi dut gnomoengan eta hunkitu amets hutsal batekin…
Etsiturik zegoen Duncan, eta ohetik jaiki bitartean leihotik begiratzeko, txano gorri txiki bat ikusi zuen, pergamino baten ondoan:
– Baina… orduan? ametsa? errealitatea?
Duncanek ez zuen ezer argi ikusten. Pergaminoa hartu zuen, eta bihotza ziztu bizian, irakurtzen hasi zen:

Duncan lagun maitea,
Nire lana amaitu da. Aspalditik ezagutzen zaitut eta denbora daramat zuri begira. Ikusi zintudan lehen aldian haur bat zinen eta ordutik ez zaitut inoiz utzi. Zuk ezin ninduzun ikusi, baina zu nola hazten zinen ikusten nuen eta harritzen nintzen eguzkia zure bidetik pixkanaka desagertzen ari zela ikustean, iluntasunari, handinahikeriari, beldurrari eta segurtasun ezari lekua uzteko. Zure bihotza zimeltzen ari zen bizkor, eta hala ere seguru nintzen behin ezagututako gazte hura ez zela guztiz desagertu! banekien haren arrastoren bat oraindik bazela, eta berriro garra piztu besterik ez zegoela.
Orain nire lana bukatu da, eta gure bideak bananduko dira.
Oroitu ez duela inporta zure gorputza zaharturik eta nekaturik egotea; axola duena da gure gogoaren gaztetasuna eta bizitasuna. Gutxitan eskaintzen zaigu bigarren aukera bat, eta hori gertatzen bada, zerbait garrantzitsua lortzeko gure bizitzen norabidea aldatzeko bideraturik gaudela esan nahi du benetan.
Orain zuk duzu aukera hori eskuartean… eta zuk erabaki beharko duzu nola jokatu.
Besarkada potolo bat, lagun.
Beharbada ez dugu gehiago elkar ikusiko… baina lanbro-gau bakoitzean leihotik begiratu, eta zuk ni ez ikusi arren, hor kanpoan egongo naiz.
Zakarias.

Eguzkiak Invergordon herriaren gainean dirdira egiten zuen. Duncanek pergaminoa berriro ere bildu zuen, masailean behera isil erortzen zitzaion malko bat.

Elezaharrak dio goiz hartan berean Sir Duncan McClow gaztelutik atera zela, eta urte batzuen buruan, bere herriko karriketan zebilela. Batzuek diote haren aurpegian irribarre goxo bat zegoela, eta haren sentiberatasuna eta arreta oroitzen dute. Hemen errealitatea elezaharrarekin nahasten da, eta denak datoz bat esatean ordutik aurrera Invergordoneko bizitza erabat aldatu zela, eta maitasunezko eta alaitasunezko garai berri bat hasi zela. Sir Duncan urte askoan bizi izan zen, zoriontsu eta bere jendeaz inguraturik. Ezkondu zen eta seme-alabak izan zituen, zeintzuk errespetuz eta maitasunez hezi zituen, gnomoek behin irakatsi bezala.
Baina hori, lagun maite, beste istorio bat da.





xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s