2010eko maiatzaren 28a, ostirala… BRENENSKÉ DRAK

BRENENSKÈ DRAK
(BRNOKO HERENSUGEA)

– Ixo! ireki itzazue zuen liburuak, mesedez! isildu, arren!

"Amaia izaki zoragarria zen: zurbila, txikia, ile kizkurduna eta begi berdeak. Gainera, inoiz ezagutu dudan natura-irakasle zorrotzena zen institutuan."

– Anelidoak har mota batzuk dira eta … baina zergatik ez duzue apunterik hartzen?
Galderaren intonazioa nabarmen altxa zuen, azalpena eteteko, eta Gorka aztoratu zuen bere baitatik ateraz. Koadernoa atera zuen motxilatik. Orri zuri bat aukeratu, axota hartu eta idazten hasi zen. Hori guztia segundo batean.
– Animali hauen gorputza zilindrikoa eta luzea da, metamero izeneko
eraztunetan edo segmentuetan zatituta dago, nola kanpotik hala barrutik.
Segmentu horietako bakoitzean… Gorka Landaburu!  zergatik ez duzu aho hori ixten eta idazten segitzen? euliak sartuko zaizkizu.
Ergeldurik. Emakume hura ederregia zen hari entzuten begira egoteko. Begiratzen bazuen, ezin zen kontzentratu haren keinutan baizik. Handik hona zebilen ikasgelan beti azalpenak eman bitartean keinu biziak aurpegiko traza hauskorrekin nahasiz. Neskatila urduri eta ameslari baten gisa mugitzen zen.

Maitemindurik zegoen. Sorgindurik. Gutxi axola adinak edo irakaskuntza mundutik kanpo ez ezagutzeak, edo lortezin izateak.
– Eta tamaina handiagokoez hurrengo egunean hitz egingo dugu.

"Kaka! beste eskola bat galdurik."
Batzuetan isilean madarikatzen zuen. Natura ikaragarri gustatzen zitzaion, eta animaliak zer esanik ez! Baina ikasteko aukera galtzen ari zen irakasle haren sorgintze horretan segituz gero. Bazkaltzera joan zen.

"Brnoko herensugea irentsi nuen hamabost minututan.
Eta orain, digestioa egiten ari naiz.
Sutan dago ene barnea. Brnoko herensugeak sua ateratzen du ene barnetik. Eta bizitzak aurrera darrai."

Egun batean, abendua baino lehen, zerbait harrigarria gertatzera zihoan natur zientzietako eskoletan.

Amaia inoiz baino ederrago zegoen. Beharbada, inoiz jantzi ez zuen soineko zuriaren erruz, edo agian bere begiradaren irribarreagatik.
– Gorde itzazue zuen liburuak, baina zuen koadernoak izan ditzakezue apunterik hartu nahi izanez gero. Ongi ba, has gaitezen. Maitagarriak gainerako izaki-taldeetatik urruti bizi diren izakiak dira. Natura-fenomeno guztiak kontrolatzen dituzte: loreen hazkuntza nahiz lurraren orbita marraztea. Beren jolasik gogokoena eguzkia 24 ordutan gordetzea da, gero kideetako batek argi arrosez, urdinez eta laranjaz ingura dezan. Horrela, guk egunsentiaz goza dezagun.

Oraingoan, Gorkak ez ezik, gainerako guztiek ere ahozabalik begiratzen zioten. Esku lotsati bat altxa zen orduan, eta Ikerrek beste inor ausartzen ez zena aipatu zuen:
– Andereño Amaia, maitagarriak ez dira existitzen.
Amaiak arnasa bota zuen eta erantzun pazientziaz:
– Iker, mamutak existitzen al dira?
Elkarrizketa interesgarri bat hasi zen.
– Elefanteak. Eboluzioaren arabera, mamutak elefanteen lehen bertsioa dira. Denboraren poderioz tamaina, ilajea eta abar aldatu zaie. Ba al dago gaur egungo izakirik maitagarrien eboluzioaren ondorio denik?

Barreak entzun ziren. Gero, isiltasuna. "Zoratu al zen andereñoa?"

Andereñoak etsia hartu zuen desertuan hitz egiteaz. Gorka beste guztiak bezain harriturik zegoen, baina jolasaren erronkari heldu zion, zaldun ausart baten gisa bere maitea herensugearen atzaparretatik salbatzeko.
– Gizakia izan al daiteke?
– Jainkoarren! -esan zuen Ikerrek. Gizakia tximutik dator!

Orduan, munduko argi guztia Amaiaren begietan zegoen. Nahiz eta Ikerri erantzun, Gorkari begiratzen zion:
– Beren magia mantendu ez duten gizakiak soilik datoz tximutik.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

2010eko maiatzaren 28a, ostirala… BRENENSKÉ DRAK -ri erantzun bat

  1. ainara maia urrotz-k dio:

    Txekiara joan eta Brno-ko herensugea jan

    Iñaki Zubeldia
    2010ko maiatzaren 02a

    Laura Mintegi eta biok Txekiara gonbidatu gintuen Ainara Maiak, Euskara eta Euskal Kultura Brno-n eta Olomouc-en erakusten duen irakasleak, euskal literaturaz hitz egin genezan. Bidaia kuriosoa zen, joan-etorria eta hango egoitza geuk ordaindu behar baikenituen. Gero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak hegaldia osorik ordaindu digu. Orain, espero dezagun hango gastuen kargu ere egitea. Han, Unibertsitateko Errektoretzan ostatu hartu genuen, horretarako prestatutako gela batzuetan. Apirilaren zazpian izan ziren lehen bi hitzaldiak: Euskal Literatura XX. eta XXI. mendean Laura Mintegirena; Euskal Haur eta Gazte Literaturaren bilakaera Iñaki Zubeldiarena. Brno-ko Masarykova Univerzita izen handikoa da, bertara Txekiatik eta Eslovakiatik ikasle asko joaten baita. Eta Letren Fakultatean Hizkuntza Erromanikoek indar handia dute, besteak beste frantsesa, italiera, portugesa, gaztelania eta katalana erakusten baitira, eta horiekin batera euskara.

    Bi hitzaldietan honako unibertsitate irakasleak izan genituen entzule: Daniel Vazquez, Athena Alchazidu eta Pavlina Svandova eta Ainara Maiaren ikasleak ere bai. Ondoren, Hizkuntza Erromanikoen zuzendari den Petr Kylousek irakasleak harrera ezin hobea egin zigun bere bulegoan. Gero, bazkaltzeko ordua iritsi zen eta Pavlina Svandova eta Ainara Maia izan genituen “cicerone”. Hiriko jatetxe berezi batera eraman gintuzten eta han karta ezin ulertu. Orduan Pavlinak, bere pazientzia amaiezina erakutsiz, hainbat proposamen egin zizkigun. Eta entzun genuenean Brno drak (Brno-ko herensugea) janari bikaina zela, ez genuen zalantzarik izan, haur literaturaz hitz egin ondoren, herensuge bat janez bukatzea baino gauza egokiagorik ez baitago. Eta horixe egin genuen: Brno-ko herensugea jan. Esan behar da plater berezi hori txerri txuleta lodi samarra dela, patata puska egosi-frijituz hornitua, pipermin luzea platerean alderik alde, barruan herensugearen sua duelarik.

    Olomouc-eko Unibertsitatean, gazte jende ugari bildu zen hitzaldira eta Eduard Krc irakaslea ere bai. Espainiako kulturaz gain Euskal Herrikoa ere ezagutzen dute eta begirune handiko jendea da eta oso amultsua. Etxean bezalaxe sentiarazten zaituzte.

    Ilunabarrean, Ainara Maiak euskaraz eta Pavlinak eta beste hiru ikaslek txekieraz poesia errezitaldi hunkigarria eman zuten. Olerkiak Ainararenak ziren, Pavlinak txekierara itzulita. Ilunabar atseginaren eta Txekiako egonaldi gozoaren oroimena ez zaigu berehala ezabatuko.

    http://www.argia.eus/argia-astekaria/2228/txekiara-joan-eta-brno-ko-herensugea-jan

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s