Ostiraletako bihotz mina.. AINARA MAITEMINEZ

Sisifo maite minez /laura mintegi/

Lehen kapitulua

Maitasuna zer den jakin nahi duzu? Nik esango dizut zer den:
estraineko presioa bularrean, eztarria ihartuta eta bihotza taupaka
sentitzea; begirada galdua puntu batean tinkotzea; norberaren bizitza
hiru lerroko poema batek islatzen duela ikustea; bizirik zaudela jakin
eta bizi nahi ez izatea; barne-mina, hainbesterainoko mina izan
zitekeenik ere sumatuko ez zenuela. Maitasuna malenkonia da, tristezia
eta algara batera, pasioa, ziurtasun-eza, sugarra, karentzia eta
soberakina; inoiz baino niago izan eta aldi berean norberaren
buruarekiko arrotz sentitzea. Maitasunak aurreko bat eta ondorengo bat
ezarri zuen nire bizitzan.

Ane isildu egin da. Denboran
atzera ari da, azago, aurreko eta ondorengoaren arteko marra nola sortu
zitzaion neurtzen ari balitz bezala, nekez, hitzen haritik nekeza baita
iragana orainera ekartzea.

Maitasuna da -hasi da berriro hizketan- maileguz
bizitzea, norberarena ez den bizitza bizi izatea, jakin gabe zer egin
bizitza horrekin. Nola esan? Nola azalduko nuke maitatzea zer den? Bizi
izan duenak badaki, baina ezagutu ez duenari nola azaldu? Maitasuna zer
ez den esan ahal dizut: lasaitasuna, oreka, logika, konformatzea.
Maiteminduak dena nahi du eta atoan, baita ezinezkoa ere. Araua krudela
da, eta konbentzioa tirania iruditzen zaio; hesiz inguraturik dagoela
sentitzen du maiteminduak, arauaren absurduak inguratuta. Maitasunak
hil egin ninduen, baina berari esker bizi izan nintzen behin, hil
aurretik.

Begirada galdurik, giharrik mugitzeke, hankak gurutzaturik, koadro
honetan zigarrokinaren keak eta jaustear dagoen errautsak bakarrik dute
mugimendua. Esteban Mugarrak idazteari utzi dio. Belaunen gainean duen
koadernoa itxi eta azalean ANE idatzirik duela ikus daiteke.
Buru-gaixoek ez ei dute deiturarik. Koadernoa zabaldu eta lehen orrian,
ordea, Ane Atela Lasa irakur daiteke, eta artxiborako
erreferentzia-zenbaki bat.

Isilik segitu du Anek. Kasetaren zinta amaitzear dago. Hizketan
hasi aurretik, Esteban Mugarrak zinta atera, buelta eman, kasetean
sartu eta botoi gorria sakatu du.

Kontaidazu bizirik zeundeneko hura.

Aspaldiko kontua da. Beste bizitza batean.

Eta beste lurralde batean.

Bai, Ertamerikan.

Baina dena hemen hasi zen, Bilbon, ezta?

Aneri buruz ez daki gauza handirik. Gehiena, senarrak kontatu zion
kontsultara etorri eta kasua hartzeko erregutu zionean. Beste zerbait
aurreko saioetatik jasotakoari esker daki. Ezer gutxi. Osatu gabeko
puzzlea da oraindik.

Oraingoz dakienaren arabera, Anek ez zuen jakin zer zen
maitemindurik egotea Mikel ezagutu arte, eta ordurako bazuen senar bat,
bi alaba, etxe eder bat hipotekatua eta bizitza antolatuta. Baina orain
sei urte, dena deslekutu zitzaion, sei urteko alabak buruan kolpea
hartu eta larrialdietara eraman zuenetik aurrera. Mikelen txanda zen
ospitalean eta azareak batu zituen biak ustekabean.

Orain arte kontatu dionagatik, Mikel ezagutu arteino Anek uste
zuen maitasuna lineala eta norabide bakarrekoa zela, gehiagotik
gutxiagora, gaztarotik helduarora. Gerora konturatu zen maitasunaren
irudia ez dela lerro bakarrekoa, ez dela ziklo lineal bat, jaio, hazi,
ahuldu eta hiltzen dena. Maitasuna txirikordatua da, zuri-beltza,
aurreikustezina, korapiloz betea.

Alabak sudurra apurtu izan ez balu eta aurpegian ebaketa egin, edo
Mikelek beste txanda bat izan balu, edo Gurutzetako ospitalera baino
Basurtukora edo Galdakaokora eraman izan balute, Anek ez zukeen agian
Mikel inoiz ezagutuko, eta Aneren bizitza ez zatekeen aldatuko. Ala
bai. Nola jakin?

Azarea noraino da ekidinezina? Eta noraino da azare?

Kontua da, Ane azarez joan zela egun eta ordu hartan ospitale
hartara, eta azareak batu zituen bien bizitzak bide berean. Hala ere,
harreman hura bertan behera geratuko zatekeen Mikelek aurrera jo izan
ez balu, txikiaren orbaina berriz ikusteko interesik adierazi ez balu.
Baina, nonbait, zerbait piztu zen bere barnean, eta berehala erabaki
zuen Aneri buruz gehiago jakin nahi zuela. Zirujau plastikoa da Mikel.
Ane ezagutu zuen garai hartan berrogeita bost urte zituen eta bakarrik
bizi zen, baina hori guztia Anek ez zekien, eta ez zuen jakin
beranduago arte. Prozesu bat izan zen.

Mikelek bisita-ordua eman zion astebete beranduagorako, zauriaren
puntuak eta sudur-tabikea nola zituen begiztatu nahi baitzuen. Ondo
geratuko zitzaiola ziurtatu nahi zuen. Bigarren enkontru hartan bertan,
ezertxo ere galdetu ez bailuen, galderak egiteari ekin zion
naturaltasun osoz. Ea neskatoak ahizpa-neba gehiagorik zuen, ea hurbil
bizi zen, ea Anek lanordurik galdu behar izan zuen, ea zein auzotan
bizi zen. Lanordua amaitzear zuen, eguneko azken gaixoa zen, eta berak
ere Aneren auzora joan beharra zuela esan zien. Berak gustura eramango
zituela biak etxera, eta umearen sudurra lurrera jausten bazen alboan
egon nahi zuela esan zion, lurretik hartu eta bere lekuan josteko
berriz. Honela, umeari txantxak eginez, lurrazpiko aparkalekuraino joan
zen ama-alabekin.

Kafe bat hartu zuten taberna batean etxerako bidean zegoena bera,
eta, gero, etxera eraman zituen ama-alabak. Anek Esteban Mugarrari
geroago esan zionagatik kontsultan, ez zuen ezer berezirik sumatu,
Mikelek dena naturala bailitzen jokatzen baitzuen. Zuzen itaundu gabe,
galderarik egingo ez bailuen, erantzunak ematera bultzarazten zuen,
gonbidapenik egin gabe gonbidatzen zuen, aintzinako laguna izango
balitz bezala. Baiezkorik eskatu gabe baietza bereganatzen zuen.
Naturala zen dena.

Bi egun beranduago, Ane auzoko kioskoan egunkariak erosten ari
zela, topo egin zuen Mikelekin, eta biharamunerako lotu ziren jatetxe
jendetsu batean elkarrekin bazkaltzeko eguneko menua. Naturala dena.
Zenbait egun beranduago umeekin ikastolatik zetorrela ikusi zuten elkar
kalean, eta gozoki-denda bateraino lagundu zituen Mikelek berak ere,
alabei zerbait erosi nahi zien-eta. Hurrengo astean berriro hartu zuten
kafea elkarrekin ospitaleko tabernan, Anek alaba eraman zuenean
kontsultara berraztertzeko.

Mikelekikoa mediku-gaixo harremana baino beste zerbait zela
konturatu zen goiz batean, esnatu eta berataz pentsatzen ari zela
ohartu zenean. Zerbait gertatu zelako kontzientzia laster hartu zuen,
izan ere, elkar ikusteari hiru egunez utzi eta beso bat falta
bailitzaion sentitu zuen egunean. Mikel ez zen aukera bat, ez zen
erlazio aseptiko bat, hartu eta uztekoa. Hutsunea bihurtu zitzaion.

Bizitzeko behar nuen. Arnasa bezainbat. Berarengandik urrun
nengoenean ito egiten nintzen. Alabek ere ez zuten betetzen haren
hutsunea. Mina ematen zidan ausentziak, eta mina beraren ondoan egon
eta laster bananduko ginela jakiteak; baina elkarrekiko une apur horiek
bakarrik bete zezaketen itomena. Errudun-sentimendua geroagoko
sentsazioa izan nuen, arauek sortutako sentsazioa, baina ez nigandik
aterea zena. Artean, nire nahi bakarra bera ikustea zen. Hura zen
desira, beharrizana! Beste ezerk ez ninduen asetzen.

Hiru hilabeteko harremanaren ondoren Anek maleta hartu eta alde egin zuen etxetik, ohar laburra utziz: "Ezin dut gehiago".
Orain sei urte izan zen hura, sei urte luze. Duela bi hilabete eskas
Esteban Mugarraren kontsultan agertu da lehenengoz. Depresioari
dagokion sintomatologia nabaria du, baina berau tratatzeko Estebanek
gehiago jakin behar du, muinera jo beharra dauka. Eta, oraingoz, Ane
bera da bere informazio-iturri hoberena.

Etxetik kanpo sei urte eta erdi eman eta gero, egun batean etxean
agertu zen. Atea bere giltzaz zabaldu zuen eta eramandako maleta bera
utzi zuen sarrerako behegainean. Bertan gelditu zen, zutik, tente,
mutu, tristura-aurpegiaz, eta ia hamahiru urteko neskato lirain batek
nor zen galdetu zionean ezin izan zuen ezer esan. Eunatek ez zuen ama
ezagutu, argazkietako emakumeak eta emakume hark ez zutelako ematen
emakume bera.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s