2010eko martxoaren 5a, ostirala… Brnoko eguzkipean

Ainara Maya Urroz. (Brnoko Unibertsitatean irakasle)

Txekiera eta euskararen artean antzekotasunak daude

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Argazkiak: Ainara Mayak utziak

Euskonews Gaztea

http://gaztea.euskonews.com/index_0523.html

Margotzea, kantatzea, antzeztea eta oro har,
lotsati ez izaten laguntzen dioten zaletasunak ditu Ainarak. Halere, guztien
gainetik, idazteko pasioa daukala aitortzen digu, eta ondorengo elkarrizketa
irakurrita, ez zaigu zalantza izpirik geratzen. Bere jaioterritik urruti
bizi da, Txekiar Errepublikan. Ondorioz, hizketa gai bakar batera mugatu
gabe, hizketaldi zabala eduki nahi izan dugu eta Ainara ezagutzeaz gain,
Brno, hiritarrak, txekiera eta bestelakoak hartu ditugu ahotan.

Zer egiten du zu moduko irundar batek etxetik 2000 kilometrotara,
Txekiar Errepublikan?

Nik ere ez dakit seguru, baina 2008an Malerrekako euskara
teknikari nenbilen ordezko gisa, Donezteben, eta urte hartako maiatzean
Eusko Jaurlaritzatik deitu zidaten Brnora, Txekiara, joan nahi ote nuen
euskarazko irakurle gisa unibertsitatean aritzera. Nik ez nekien Brno non
zegoen ere, baina Praga beti ezagutu nahi izan nuen hiria zen. Halere, maiatza
hartan zalantza eta beldur handiak izan nituen, ez nekien aukera horri heldu
edo ez.

Brno  
Ainara lantokiaren atarian.

Zalantzak bai baina animatu eta mundu berriak ezagutzera
abiatu zinen azkenean!

Euskal Herrian behin behineko lan bat nuen, eta ez nuen
bikotekiderik ez lotzen ninduen inor ere. Hala ere, bazen norbait, lagun
min bat, ene bihotzean eta bizitzan, eta aspaldiko partez itxaropentsu zegoen
ene bihotza. Lagun min horrek animatu ninduen atzerriratzera, animatu zuen
ainara hau hegaldatzera. Eta baiezkoa eman nion Brnoko aukerari, txekiera
jakin ez arren.

Momentuz aurtengo –2010eko– ekainera arte geratuko naiz
hemen. Ez dakit, egia esan. Lagun batek berriki idatzi dit erranez “ziklogenesi
existentzial” batean murgildurik nabilela, eta pertsonalki ez dut neure
tokia aurkitzen. Euskal Herrian ez dut lanik edo tokirik, soilik familia
eta lagunak –egia esan, garrantzitsuena bizitzan!

Gustuko dut nire lana, baina ez dit inork deitzen ez
handik ez hemendik. Ez dakit duela ia bi urteko erabaki horrek nora eramango
nauen…

Ikasketez filologoa zara, zer esan nahi du horrek?

Euskaran aditua omen naiz (barre), eta hizkuntzaren alor
guztiak (historia, literatura, hizkuntzalaritza, dialektologia…) aztertzen
dituen zientzian lizentziatua; ez dut doktoretza–tesirik egin.

Lanari dagokionez, Hondarribiko portuko hizkera biltzen
aritu nintzen urtebetez udalaren aginduz eta lan polita izan zen. Bestela,
euskararen irakaskuntzan eta itzulpengintzan ibili naiz.

Hizkuntzen zurrunbiloan murgilduta bizi zara. Eleaniztuna
izango zarela sumatzen dut…

Euskara dut ama–hizkuntza eta horrezaz gain, gaztelania
hitz egiten dut. Frantsesez ere moldatzen naiz, idatziz eta ahoz. Gerora,
ikastolan hasi eta batxilergoan segituz, ingelesa modu akademikoan ikasi
nuen; eta alemana hitz egiten dut, Alemanian urtebete pasa nuelako hizkuntza
hori ikasten, batxilergoa amaitu eta berehala.

Ainara

Eta orain txekiera ikasi nahian nabil, asko hitz egiten
ez dudan arren. Nire laneko hizkuntza gaztelania eta frantsesa dira, hizkuntza
horietan azaltzen baitiet euskal kultura bertako ikasleei. Bestela, jendearekin
ingelesez edo alemanez komunikatzen naiz, baina eguneroko oinarrizko gauzetarako
(erosketak, adibidez) txekieraz egiten saiatzen naiz.

Gainera, Euskal Herritik irten aurretik ez nekien ezertxo
ere ez bertako hizkuntzaz, eta hemen ikasi behar izan dut hasiera–hasieratik.
Unibertsitatetik kanpo, jende askok ez daki txekieraz besterik, eta hasiera
gogorra egin zitzaidan. Gauza bat da gramatika ikastea eta beste gauza bat
txekiarrak beraiek entzutea… Erabat desberdina egiten zait!

Gure hizkuntzan ez ditugun hots batzuk daude txekieran,
baina antzekotasunak ere badira, nahiz eta idazkera (ortografia) pixka bat
aldatu.

Hizkuntzekin jarraituz, nola ikusten duzu euskararen egoera?

Euskarak azken urteetan euskaldunak irabazi baditu ere,
argi dago erdaren eragina handia dela, eta politika normalizatu edo normaldu
gabe dagoenez, ez da erraza hizkuntza politikarik gabeko lurraldeetan, hala
nola Nafarroako hegoaldean edota Iparraldean. Argi dago erakundeen aldetik
beti behar dutela hiztunek bulkada, euskara alor guztietan erabil dezaten
bermatuz.

Bestela ere, euskararen erabileraren etorkizuna hiztunen
esku dago. Euskara oso ongi dago. Milioi bat inguru pertsonek jakin badakite
euskaraz Euskal Herri osoan, eta horietatik 700.000 inguruk du euskara ama–hizkuntza.
Ez da kopuru handia txekierarekin konparatuz –12 milioi pertsonen hizkuntza
baita–, baina lurraldea ere txikiagoa da. Beharbada, euskal estatu bat balego,
Estonia edo Mazedoniako kasuetan bezala –lurralde txikiak eta tokiko hizkuntzak
hiztun gutxikoak–, berme instituzional handiagoa izango genuke Europan,
eta menpekotasun politiko gutxiago Espainiarekiko edota Frantziarekiko.

Maia  
Maia deituriko kafetegia du gogoko.

Egoera hobetzeko errezetarik bai?

Malerrekako euskara teknikari aritzeak esperientzia eman
zidan euskalgintzan. Herritarrengan dago giltza, eta haiei eskatzen dutena
eskaini behar zaie. Euskaraz bizi badira, euskaraz eskaini zerbitzu eta
produktu oro. Jendea ezin da

behartu nahi ez duena egitera, eta horretarako, erakartzeko
eta seduzitzeko teknikak ikasi behar ditugu euskaraz bizi garen euskaldunok.
Euskara ona eta egokia da alor guztietan bizitzeko eta gozatzeko, eta gozatze
horri zukua ateratzen jakin behar da.

Itzul gaitezen Brnora. Zer moduz handik?

Negu luze eta zuri honen ondotik, elurra urtzen ari da,
eta eguzki hotza zeru urdinean agertzen hasi da. Udaberria hurbil dago,
eta oroitzapenekin batera, lotan zegoen oro ernaltzen hasten da.

Eta nolakoak dira hiritarrak?

Biztanleak orokorrean zuzenak dira, isilak eta nahiko
indibidualak. Astean zehar ikasle asko ibiltzen da hirian, eta hori nabari
da. Bertako kulturari dagokionez, txekieraz oso gutxi hitz egiten dut, moldatzen
naiz oinarrizko gauzetarako, baina aitortu behar dut bertako hizkuntza ez
egiteak mugatzen nauela. Halere, musikarako eta antzerkirako joera eta gustu
handia dute, nire uste apalean. Baina bestaldetik, jokorako zaletasun handia
dute txekiarrek, eta horren erakusgarri Non Stop Herna bat aurkitzen dugula
ia urrats bakoitzeko: kasinoak edo diru–makinak dituzten lokalak, itxi gabe,
24 orduz irekirik.

Deskribatuko zeniguke hiria inoiz bertaratu ez garenoi?

Brno/Brünn: Kafetegien Hiri Inperiala.
500.000 biztanle ditu Txekiako hego–ekialdeko hiri honek, Pragaren
ondotik bigarren hiria da biztanle kopuruari dagokionez, eta hemen bada
halako harrotasun edo abertzaletasun moraviar bat sentimenduz bohemiarrengandik
bereizten dituena.

Kokodriloa  
Kokodriloa, Brnoko sinboloa.

Hogeita hamargarren hamarkadan, gerraren aurretik, kafetegien
hiria omen zen. Aleman hiztunen komunitatea esanguratsua zen, eta gainera,
aberatsak ziren. Vienarekin batera, Brnon kafetegi finak eta onak zeuden,
eta gaur egun birgaitze–fasean dago Moraviako hiriburua. Garagardo
txekiarra ona eta bikaina da, baina Txekiako Moravia eskualdean, hego–ekialdean
mahastiak daude, eta ardo zuria ona da hemen; ondorioz, hiriaren paisaia
kafetegiek eta ardandegiek apaintzen dute.

Gau eta egun dabiltza garraio publikoak, gelditu gabe,
eta gaueko autobusari “hontza” deitzen dio Brnoko jendeak. Ekitaldi
kultural dezente antolatzen dira (zinema–jaialdiak…).

Bizitzeko toki atsegina da, eta erdialde edo alde zahar
polita du. Gustuko dut MAIA izeneko kafetegi bat. Gutxien gustatzen zaidana,
beharbada, eraikin eder asko nahiko zaharkiturik daudela da. Bestalde, aski
bazterturik bizi den ijito–komunitate handia dago bertan, eta horren
ondorioz, arrazakeria pittin bat nabari da.

Uste dut bati baino gehiagori hiria bisitatzeko gogoa sartu
zaiola! Egingo al zenituzke gidari lanak?

Noski! Toki asko daude bisitatzeko, baina Brnora iritsi
eta berehala, tren–geltokitik Spilberk gaztelu–gotorlekura eramango zintuzketedan,
izan udaberrian izan udazkenean, goitik beherantz hiri osoa ikus dezazuen.
Gero, jaitsi eta bada kafe bat giro onean hartzeko kafetegi bat terraza
ttipi batekin.

Traubka tabernara joango ginateke arratsaldean, Txekiako
janari tipikoa bertako garagardoarekin har dezazuen, toki xelebrea benetan.

Staubsee lakua eta han inguruko gaztelura ondoren. Lau
urtaroetako edozeinetan ibilaldi atsegin bat egiteko aproposa da, eta bide
batez, Brno kanpoaldea ezagutzeko.

Lanera joandako emakumea zara, baina denbora librerako
tartea edukiko duzu, ezta?

Bai. Baina idazteak eta irakurtzeak denbora asko hartzen
dit, klaseak prestatu eta emateaz aparte. Aisialdian gitarra jotzeko aprobetxatzen
dut, eta hemengo lagunekin ardotara, garagardotara edo kafetara joaten naiz,
baita zinemara ere.

Munduko zilbor dela uste izaten du gizakiak eta horretan
eroriz, nire ondorengo galdera: txekiarrek ezagutzen al gaituzte?

Orokorrean ez gaituzte ezagutzen, eta Euskal Herria non
dagoen ere ez dakite; ez bada, zerbait euskal gatazkaz, ETAri buruz zerbait
noizbait albistegietan entzun dutelako.

  Argazkia
Brnoko eraikin ugari zaharkituta
daude.

Beste herrialde batetan bizi den emakumea izanik, nolakoa
da emakumearen egoera Txekian?

Hemengo emakumeak hangoen egoera bertsuan bizi dira.
Gizonaren antzera, “nahi duena” egiteko aukera du, ikasteko eta lan egiteko,
baina nik uste dut ohiturak eta tradizioak indarra duela. Hemen gazte jendea
lehenago ezkontzen da, eta 30 urtetik gora, emakumea ezkongabe ikustea arrarotzat
hartzen da.

Hel diezaiogun orain idazle fazetari. Gaztetan hasi zinen,
ezta?

Hala da, bai. Txikitatik bi eskuak baliatzen nituen kolore
anitzeko arkatzekin nahiz errotuladoreekin margotzeko. Idazteko zaletasuna
bederatzi urterekin–edo etorri zitzaidan. Eguneroko bat oparitu zidaten,
eta nire bakardadea idazten nuen, nire orduko bizitza mutua.

Euskonews Gaztean poesiarekin kolaboratu duzu. Beste generorik
lantzen al duzu?

Olerkiez gainera, ipuinak, istorio laburrak, iritzi–artikuluak,
literatur iruzkinak idazten ditut. Olerkigintza dut nik etxe eroso, horretan
aurkitzen baitut nire adierazpide egokia. Eta, nire lagun min batek erran
zidanarekin ados nago: ni poeta baino, poetisa naiz.

Beti esaten da idazteko asko irakurri behar dela…

Idazteko ez da asko irakurri behar, aldiz, egoki eta
ongi idazteko bai. Idazteko joera egoera pertsonalek (bakardadeak, minak…)
bultzatzen dute, eta ez beste autoreak irakurtzeak. Baina zalantza barik,
horrek laguntzen du ongi idazten.

Euskal literaturako idazle klasikoak nahiz oraingoak
ezagutzen lagundu dit Euskal Filologiak, baita Senpereko HATSA ELKARTEAk
ere. 2001etik aitzina, urtez urte atera duten HATSAREN POESIA poema–liburu
kolektiboak nire olerki batzuk publiko egiten lagundu dit, eta bertan parte
hartutako olerkari guzti–guztiak izan dira neuretzat erreferente,
bidaide eta lagun.

  Argazkia
Brnoko Marianské údoli
lakua.

Horietatik (ab)bati, ene lagun minari, bihotzetik eskerrik
asko. Berak sinetsarazi baitzidan idazle on nintzela, 2005eko HATSAREN POESIAko
nire olerkiez maitemindu zen, eta nire istorioak irakurri eta iruzkintzen
ditu. Berak nire idazle auto–estimua aintzat hartzen lagundu zidan, eta
horrela matrikulatu nintzen 2006ko Bergarako Idazle Eskola gradu–ondokoan,
eta ezagutu nire ikaskide eta lagunak. Luma berri horien eleak ere erreferente
izan ditut, baita nire (in)komunikazio ezintasuna komunikatu nahi mingarria
ere.

Idazle ugarik eragin dute beraz zugan.

Olerkigintzaren ateak emakume olerkari ezezagun batek ireki
zizkidan: Marlene Hörmann, Eine leise Lied. 1995–96eko
Alemaniako negu luze eta ilun haiek tristura ekarri zidaten, maitemina,
eta ur horri bide emateko, nire iturria ireki zen.

Gero, Euskal Herrian Sarrionandiaren poemak hartu nituen,
eta berriro ere maitemindu. Gasteizko 1996–2000ko neguak eta ostegunak aitzakia,
idazteko iturriak irekirik segitu zuen, Euskal Filologia ikasten ari nintzen
garaian.

Tristuren eta pozturen iturburuak jarraitzen du oraindik,
maiteminez beti. Batez ere, bidegabekeriak, minak eta sufrimenduak bultzaturik
idatzi dut, nire salbazioa izan baita idazketa: aitaren gaitza eta heriotza,
maitemina (maite zaitut erran nahi eta ezina), maitasuna emateak eta ez
jasotzeak…

Zer nabarmentzen duzu faltan gehien Brnon egonda?

Itsasoaren kresala eta mendiko iratzea, ezpel ura eta
nire bihotzeko jendea (familia eta lagunak). Batez ere, nire lagun leial
Euri txakurraren huts–mina sentitzen dut, eta euskaraz hitz egitea eta bizitzea.

Hala bizi naiz hemen ere, dudan onena ematen saiatzen,
maite ditudanei, maite nautenei, jaso nahi duenari. Denei, udaberri on!

Nire udaberria
(Brno, 2010eko martxoaren 2a)

Irribarre xume eta hotz hau
lorategi batean
lore bat belar berde artean ernaltzeko
eki–laztan leun izpi bat
lur horren gainean
lorerik gabeko lorategi horren gainean.

Nire udaberria horixe da:
Neguko elur zuria eta hotza urtzerakoan,
tantaz tanta
ahantzitako oroitzapenak berriro agertzea
lurrazalera
etorkizun oparo bat amesteko
gaur
martxoko eguzkipean
urkiaren altzoan.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s