2009ko azaroaren 21erako…

2009ko azaroaren 21erako

ADIO, ENE HIL-ARGI
MAITE

Aita maitea:

 

Gabon,

irribarre triste batekin irribarre argitsu horri
agur erraten diot. Agur erraten dizut, aita, duela zazpi urteko zure agindua
erdipurdi bete dudalarik. IZAN ZORIONTSU, AINARA izan zen neureganako zure
azken nahia, eta gogor saiatu naiz horri eusten. Familiarekin eta lagunekin
irribarrearekin eusten, umorea ateratzen saiatuz, negar aunitz egin dut, baita
irribarre egin ere; haserretu egin naiz gehien maite ditudanekin, eta maitemina
sentitu dut. Bihotza kolpatu didate, eta neure sentimenduekin jolastu dira,
bizitza jolas bat iruditzen zaiolako zenbaiti. Eta beharbada hala da. Ez dakit.

Zazpi
urte hauetan gauza aunitz gertatu zaizkit, eta Senpereko udaren azken batez,  lamien urruneko kantuaz, irribarre batez, oharkabean
sakon maitemindu nintzen behin. Eta batzuetan, denboraldi batez, bereziki eta
betiko asko maite dudan pertsona horrekin munduko emakumerik zoriontsuena
sentitu izan naiz, baita zorigaiztokoena ere, azken lau urteok oso gorabeheratsuak
izan baitira ene bihotz urratuarentzat.

            Maite zintudan; neure bizitzako gizon bakarra zinen,
gainera. Maite zaitut, beste edozein gizonak inoiz maite ez ninduen bezala
maite ninduzulako, inkondizionalki, baldintzarik gabe. Duela zazpi urteko zure
joanak biluztu ninduen, eta minak eta penak beharbada ez zidan uzten zoriontsu
izaten.

            Orain ere minez nago hil-argi horretan zure irribarreari
so, zure maitasuna oroitzen baitut. Nigatik dena eman zenuen, ez nuen huts
materialik sentitu eta askatasun osoa eman zenidan nahi nuena ikasteko;
askatasun osoa nerabezaroan nahi nuenarekin ateratzeko, eta seguru aski min
bizi isilaz jasaten zenuen nire haserrea nahiz eskergabeko isiltasuna. Nik ez
nizun inoiz mutilik aurkeztu, ez bainuen inoiz izan, maitemindu nintzen arren.
Seguru gogoz zinela bilobak izateko eta haiekin jolasteko, ala? Nire nahirik
handiena ere zure besotik heldurik soineko zuriz jantzirik maite dudan mutilari
bai esatea zen.

            Badakit ez nintzela alaba perfektua izan, baina halakoa
nintzen zure maitasuna galtzeko beldurrez, eta minbiziaz galdu zintudan. Duela
zazpi urte minez eta haserre esplikaezinaz ez nuen onartu zure abandonua, baina
orain onartzen dut zure joateko eskubidea nire kulparik gabe. Inoren kulparik
gabe.

            Badakit ez zinela perfektua izan, baina bikaina zinen,
eta zure hutsa sentitzen dut. Maite zintudalako behar zintudan, eta orain zu
maitatzen segitu nahi dut zu nire ondoan izan gabe ere. Nire maitasuna hazi eta
umotu dadin nahi dut.

Eta
beharbada, behar zaitudala sentitzen dut, baina nire bizitza beregaina da eta
bere kabuz dabil munduan bakarrik; zu ezagutu aurretik bizi nintzela
badakidalako, eta bizi ahal izanen naiz zu ezagutu ondoren ere.

            Orduan joatea erabaki bazenuen, agurtuko zaitut orain.
Berandu bada ere. Neure eskubidea eta betebeharra da bizitzen segitzea. Ez dut
zurekin hil nahi, horrela ez baitizut erakusten zureganako maitasuna. Gaur
negar egiten dut triste, etsiturik eta deprimiturik. Horrela egoteko nire
eskubidea aldarrikatzen dut!

            Beharbada eskutitz hau lehenago idatzi behar nuen zazpi
urte itxaron gabe, baina badakit zazpi urteren buruan laster berriro bizitzen
hasiko naizela bizipozez, nirekin zure oroitzapena eta laguntza eramanen baitut.

            Hau guztia erran dudalarik, ez zait iruditzen joana
zarela, eta azalpenak bilatzen ditut oraindik alferrik. Horregatik adio erraten
dizut, hil-argi maite, nahiz eta maitasunean elkarrekin segituko dugula
badakidan.

            Hau guztia erran dudalarik, eguzkiaren lehen errainu
irribarretsu horiak ikusi ditut, eta zuk niri txikitan kantatzen zenidan
kantuaz oroitu naiz neure bakardade honetan:



 

Ainara,

Ainara

polit eta gazte,

zaharrak eta gazteak

dabiltza zure atze

ile hori

begi urdin

ederra zara zu,

Ainara!



Egunon,

KAIXO, ENE EGUZKI!

Irribarre egiten dizut,
beharbada zoriontsu izanen ez naizela dakidan arren; hau bezalako lorik gabeko
gau ilun argitsuak asko izan baititut azken bi urte hauetan. Baina badakit nik
ere zoriontsu izateko eskubidea eta betebeharra dudala; badakit zoriontsu
izanen naizela, orain arte bakarrik bada ere, beste gizon bat ondoan ez badut
ere, asko maite dudan beste hori neurekin ez badut ere.

            Nik ere zoriontsu izateko eskubidea eta betebeharra
dudalako.

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Uncategorized atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s