ilargi betearen argitan iratzarri naiz zure irudiarekin…

EZ DAGO DEUS ERE EZ KANPOAN: BARNEAN EGIN BEHAR DA!

 

Pentsatzen nuen zure eskuetan emakumerik zoriontsuena nintzela. Pentsatzen nuen zaurtezina izan nintekeela. Pentsatu, gorputzari ez zitzaiola iritsiko arimaren barneko mina, baina bihotza zauritzea erraza da. Edozein bihotz-kolpe edo dardara, tresna dirdiratsu edo hitz samur aski da negarrez hasteko.

Pentsatzen nuen maitasuna olerki bat zela, eta maitemintzea zuri ene barneko kantua xuxurlatzea gitarraren laguntzarekin. Pentsatu, denbora gelditzen zela zure ondoan eta espazioa zuk eta biok bakarrik betetzen genuela, baina bihotza zauritzea errazegia da, edozein ahots arrotz edo telefono-dei, eskutitz edo isiltasun ozen aski da negarrez hasteko.

Pentsatzen nuen dena zegoela kanpoan, nigandik kanpora eta ez nuen deus ere egiten, zurekin nengoenean zurekin egon nahi nuen soilik. Ez nuen deus ere egin eta ez nuen deus ere egiten. Ez nuen deus ere egin eta denbora ez zen gelditzen, baina ni geldirik ez nintzen denboraz ohartzen, zu denborarekin batera joan zinen arte; espazioa huts sentitu nuen bat-batean. Ez deusa. Ezdeus sentitzen nintzen eta barnea beterik. Lehertu beharrean.

Negarrez lehertu nintzen, eta hauts bihurturik, ezdeusetik zer aterako da?

Ezdeusetik izatera ederragoa izanen naizela pentsatu nahi dut, Fenix hegaztiaren gisa. Baina zer izanen ote naiz?

Ni naiz naizena. Neure poz eta penekin, Oteizaren espazio hutsetik zerbait sortu nahi nuke denborarik gabe eta espazio hutsaren erdian. Jakinik bihotza minberegia dela eta beti ere negar egiteko prest egon behar dudala. Zoriontsu naizela ohartu naiz, azkenean hustu naizelako. Hustu, negarminez bada ere.

Pentsatzen nuen maitasuna olerki bat zela, amets bat. Baina nire bizitzan eguneroko errealitate egin nahi dut maitasuna. Gaurkotu nahi ditut iraganeko maitasunezko hitzak eta isiltasunak. Iraganeko maitasunezko paperak eta rolak.

Ezdeusean, izateko modu bakarra den bezala, bakardadea da bertzeekin egoten ikasteko biderik onena, ez errazena agian, ez politena. Bakardadearen ezdeustasuna da neure esperantza orain. Ni naiz neure esperantza, ni irribarre lotsati hau. Ni naiz naizena eta ez zuk izan nadin nintzatekeena. Clown kokin bat edo maitale lotsatia eta isila, baina ni funtsean, ni barnerakoia dago oinarrian eta oinarri horren gainean eraiki da neure izaera eta bizitza osoa. Ni ezdeus bat sortzetik beretik izaten aritu dena, lehenik begirada zabal-zabalik eta negarrik gabe, gero lau hankan belaunak minberaturik bi hanketan orekan ibiltzeko grinaz; oraindik ere oreka horren bila forma erotikoa eman nion neure gorputz nerabe eta akonplejatuari, nik, hizki mutu honek.

Ni naiz naizena, lagunkoi eta irribarretsu maite ditudan guztiekin, maite nautenak eta ez nautenak maite ere neure bihotzean baitzaituztet. Izarretan, ilargitan, zentzugabe hatzekin ametsak marraztuz.

Ni naiz naizena, besarkada batez lagun triste eta negartiak hartzen dituen hizki mutua. Goilara batez maite kuttunaren negar-malkoak bildu dituena eta iluntasunean eskutik heldurik gidatu duena. Hizki mutu uztailaren lauaren itzuli honetan, su-artifizialen zaratak ez baitit uzten bihotzak erraten didana entzuten.

Ni naiz naizena, bihotz mindu bat, maitemindu bat, eskua eman eta lagunak erortzen utzi ninduen ur tanta bat; bitxi lore bat. Lore bitxi bat, bihotza edo muina minberegia duena. Beti ere maitemindurik bizitzan barna izaten segitzen duena, zutik eta burua goian, baina umil. Beti ere (izan) naizena maitatuz zu maitatzeko gaitasuna duena, zuk ni gehiago ez maitatu arren. Bertzenaz erradazu, maite, nola segi aitzina zu gabe zu oroituz.

Izaten segituz, maitatzen segituz norbera izaten edo maitatzen segitzeko. Jakinik maitasuna batzuetan asko maite denari uko egitea dela, jakinik maitasuna batzuetan bakardadea dela.

LOVE SHOULD BE A REALITY IN MY LIFE, NOT JUST A POEM, NOT JUST A DREAM. IT HAS TO BE ACTUALIZED. IT IS NEVER TOO LATE TO EXPERIENCE LOVE. I SIMPLY GIVE YOU.

Izan ere bizitza osoa dugu elkar maitatzeko, baina zenbat da bizitza osoa? Ez dakit, baina oso-osorik eta eskerrak behin maitemindu nintzen zurekin, zuk gezi batekin ene bihotza erdiratu zenuen arkulari bikaina zarelako. Bizitza osoa dugu zauria sendatzeko, baina zenbat denbora da bizitza osoa? ordu bat, 365 egun? bizitza bera erran gabeko hitzez irundakoa.

 

xorinokantharia -ri buruz

DENA DA POSIBLE! noranahi noala, bihotz osoz noa... ALL IS POSSIBLE! wherever I go, I go with all my heart...
Post hau Denbora-pasa atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s