Egunkari maitea,
IRUNEROn nere bi olerki:
MAITASUNA DENA DA
Bikote harreman bat baino gehiago,
norberari diogun maitasuna
bertzearekin elkarbanatzea
eskuz idatzitako hitzen amaieran
gorriz sinatutako bizi-indarra, itxaropena
PD: MAITE ZAITUT paratzea
maitasuna adiskidetasuna baino gehiago
berdinen eta desberdinen arteko truke maitagarria
desiorik onenarekin hartutako autobusa
norbaiti eguna alaitzeko,
dei telefoniko hotz bat berotzeko asmotan
UTZI EZAZU MEZU BAT SEINALEAREN ONDOREN.
Maitasuna barneko hitzak eta sentimenduak elkarbanatzea da.
Maitasuna hori dena eta gehiago
baina maitasuna hori soilik da
samurtasun haragitsu horretatik pixka bat oparitzea
maitasunez mintzatzea
ergelkeria dirudi MAITE ZAITUT erratea bihotz taupada bakoitzeko
baina bai,
ergela naiz, maitasunez beterik nagoelako.
Begiak ixten ditut eta minez ahazten naiz.
Begiak itxiko ditut egunen batean betiko
eta orduan ulertuko duzu erran nahi nizuna
MAITE ZAITUT erraten nuelarik (edo agian ez duzu ulertuko)
maitasuna on egin nahia da
heriotza edo mina baino haratago doa
heriotza edo mina baino gehiago da.
Ainara Maia
Laranja erdia garela sinestarazi digute eta orduan bertze laranja erdiaren bila, mahats ale frexkoa maxpaxaren gisa idortzen joaten da maitatzeko gaitasuna galdu arte.
Erdiaren esperoan idortzen ez bagara, orduan gudari txinatar batek sandia urtsu baten gisa, mila zatitan egiten gara eta gero lan handiagoa dugu erdia aurkitzen.
Sagarraren bihotza osorik uzten den gisa berean sagar osoa izaten ahal gara eta melokotoi oso baten bila abiatu; errazagoa izango al da laranja erdi berdin bat aurkitzea baino, sagar oso desberdin bat aurkitzea eta horrela osoki maitasuna eskaini
bertze oso horri?
Batzuetan gerta dakiguke inoiz ere ez aurkitzen maitatzeko oso bat, baina beti geldituko zaigu norberaren osoa maitatzeko gaitasuna.
Bertze batzuetan, aldiz, oso bat zoragarri eta eder aurki dezakegu eta hari gure maitasun osoa libreki eskaini. Eskaini eta gero, beharbada ez dugu bertze osoaren maitasuna jasotzen eta bertze oso batekin joaten da gure maitasunez kargaturik hari eskaintzera.
Horrela, samurai baten gisa sandia urtsua gure bihotza eta guzti mila zatitan egiten gara, baina beharbada mila zatitan (des)egindako gure osoak mila aldiz gehiago maita dezake bere burua, maitasuna harturik eman gabe joan den osoa, baita berehala aurkitutako bertze oso bat ere. Ala?
Ni beharbada bakarrik nago, baina osorik, eta mila zati (des)eginik mila eta bat aldiz maite dut.
Maitemindurik nago. Nire bihotzean arrasto sakona utzi didan osoa asko maite dut baina…
Ainara Maia